XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, kristau-ezkontzari ez zegokion edozein portaerari aurre egiten zion Inkisizioak:

- Bigamia. Estatuak berak ere geroago eta gogorrago zigortzen zituen bigamoak, Felipe II.aren agintealdian, 1566an adibidez, hamar urteko kondena galeretara emateraino.

Gogortze honek, Inkisizioak hartaraturik, lehendik zetorren gaitz bati azkena eman nahi zion.

Kalahorrako barrutian, adibidez, 1548tik 1557ra bitartean, 80 bigamotik gora izan ziren gaitzetsiak, gizonezkoak gehiago emakumezkoak baino.

Bizkaian ageri zen arazo hau nabarmenen.

1538tik 1557ra bitartean, 154 kasu dokumentatu izan ziren, baina han eta hemen sakabanatuak.

- Intzestua. Senide hurbilen arteko harreman sexuala edo beraien arteko ezkontza.

Honetan maila desberdinak ziren.

Horrela, 1547an, Kalahorrako Inkisizioan honako datu hauek agertzen dira: lau pertsonari intzestu oso larriak egozten zitzaizkien, 24ri intzestu larriak, beste askori, berriz, hain larriak ez zirenak.

Penak, intzestuaren larritasunaren arabera gogorragoak nahiz bigunagoak izan ohi ziren, baina gehienetan ez zirela gogorregiak esan genezake.

- Haragikeria. Ezkontzatik kanpo izan ohi den harreman sexuala.

Haragikeria bera baino, horren inguruko eritzia baztertu nahi zen batez ere, hau da, ezkontzatik kanpo harreman sexualak izatean, ez zela pekatu astunik egiten.

- Dongakeria higuingarria. Naturaz kontrako pekatu sexualei, hots, abereekiko harreman sexualei eta sodomiari deitzen zaie.

Hauei buruz, lehendik ere, erregeek emandako arauak oso zorrotzak ziren.

Kalahorrako Inkisizio-barrutian dongakeria higuingarri honen lehen kasuak Ibarra inkisidoreak aurkitu zituen Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hala ere, auzitegi gorenak oso kontuz ihardun zuen delitu hauen aurrean.

Kasu gutxi dira.

Eta dokumentazioa ere urria da.